XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Etorkinen boto-eskubideari buruzkoa.

Etorkinen boto-eskubideari buruzkoa, Izquierda Unida/Ezker Batua/Berdeak Legebiltzar Taldeak egina.

(Tramitera onartzea)

(05/11.02.01.0115)

Mahaiak, 1996ko urriaren 8an egindako bilkuran, erabaki du tramitera onartzea etorkinen boto-eskubideari buruzko LEGEZ BESTEKO PROPOSAMENA, osoko bilkuran eztabaidatua izan dadin, eta agindu du Eusko Jaurlaritzari bidal dakiola eta Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

Legebiltzar-taldeek, Araudiko 160.2 artikuluaren arabera, bidezko iritzitako zuzenketak aurkeztu ahal izango dituzte, zazpi laneguneko epearen barruan, arrazoiak biltzen dituen idazkia Mahaiari bidaliz.

Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Joseba Andoni Leizaola Azpiazu.

Eusko Legebiltzarreko Mahaiari

Eusko Legebiltzarraren Araudiaz baliatuz, Juantxo Domínguez López Izquierda Unida/Ezker Batua/Berdeak Taldeko legebiltzarkideak ohore du ondorengo legez besteko proposamena aurkeztea, osoko bilkuran eztabaidatua izan dadin, etorkinen boto-eskubideari buruz.

Arrazoiak:

Gero eta handiagoa da Euskadin azken urteetan geureganatzen ari garen etorkin eta errefuxiatuen kopurua.

Beren jaioterrietako estuasun ekonomikoetatik eta istilu politikoetatik ihesi datoz horiek gure herrira, baina, era berean, Euskadin bizitzen geratzen direnean, hartzen dituen gizarte honi beren baitan duten onena emateko asmoz geratzen dira, eta, era horretan, gizarte horren garapen ekonomiko, sozial eta kulturalean parte hartzen dute.

Berriak dira gure artean baita ere arrazakeriaren eta xenofobiaren arazoei buruzko sentsibilizazio-kanpainak, fenomeno horiek biak Europa mailan arestian gorantz hasi direlako kezkaturik botere publikoek bultzatutakoak.

Kanpaina horien mezu nagusiak dio pertsona guztiek, jatorria kontuan hartu gabe, eskubide berberak dituztela.

Halere, praktikan, ustez sozial-demokratikoa eta zuzenbidekoa den estatu batean, oraindik ere bereizi egiten dira pertsonak beren jatorriaren arabera, oinarrizko eskubide politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalak erabiltzeko orduan.

Erabili ezin dituzten eskubide horien artean boto-eskubidea dago, hain zuzen edozein gizartetan benetako integrazioaren sinbolo argia den eskubidea.

Errealitateak erakusten digun legez, Euskadin bost urtez bizi izan den etorkin orok lortu izan du, zailtasun handiago edo txikiagoarekin, gure gizartean integratzea, gizarte horren partaide dela sentitzen baitu.

Irizpide hori, hots, bertakoa dela sentitzea, funtsezkoa da pertsona orok bere eskubide politikoak benetan erabiltzea ahalbidetzeko orduan.

Izquierda Unida/Ezker Batua/Berdeak Taldeak uste du beharrezkoa dela denboraldi jakin bat gure artean eman duten etorkinei boto-eskubidea aitortzea, gure gizartean integratu direla, euskal gizarteko dinamikaren partaide direla aitortuz eta, azken batean, jatorriaren araberako bereizkeriarik gabeko gizarte ireki eta kultura anitzekoaren aldeko apustua eginez.

Legez besteko proposamen honen filosofiaren euskarri modura aipa ditzakegu gure inguru gutxi-asko hurbileko erakunde batzuek onetsi dituzten ebazpenak:


- Euskal udalerri zenbaiten mozioak.
- Nafarroa, Aragoi eta Kataluniako autonomi elkarteetan onetsitako ekimenak, legez besteko proposamen honen antzekoak.
- Europako Parlamentuaren Ford Txostenak aholkatzen du atzerritik etorritako herritarrei boto-eskubidea aitortzea.
- Suedian, Norvegian, Danimarkan, Irlandan eta Holandan dagoeneko aitortua dute eskubide hori.

LEGEZ BESTEKO PROPOSAMENA

1.- Eusko Legebiltzarra atzerriko hiritartasuna duten eta gure artean bost urte baino gehiago bizi izan diren pertsonei boto-eskubidea ematearen alde agertzen da.

2.- Eusko Legebiltzarra diskriminazio guztien kontra agertzen da, eta etorkinen integrazio soziala, ekonomikoa, politikoa, juridikoa eta kulturala bultzatzeko beharrezko neurriak garatzearen alde, beti ere atzerriko hiritartasuna duten pertsonen berezko baloreak behar bezala errespetatuz.

3.- Eusko Legebiltzarrak Gorte Nagusiei eskatzen die bultza ditzatela, hasi berri den legegintzaldian zehar, beharrezko lege eta konstituzio aldaketak, atzerritik etorri eta gure artean gutxienez bost urte bizi izan diren etorkinek boto-eskubidea erabili ahal dezaten.

4.- Erabaki hau bidaliko zaie Kongresuko presidenteari, Senatuko presidenteari, Estatuko Gobernuko presidenteari eta Herriaren Defendatzaileari.

Vitoria-Gasteiz, 1996ko urriak 4.

Juantxo Domínguez López, IU/EB/Berdeak Taldeko legebiltzarkidea.

Javier Madrazo Lavín, bozeramailea.